Mende Berria Kantuz – Arantzazu

Mende Berria Kantuz kontzertu-zikloaz ospatuko du Euskadiko koral-harrobiak Euskaltzaindiaren mendeurrena

 

Bilbo eta Donostiak ahotsak uztartuko dituzte Arantzazuko santutegian Euskal Hizkuntzaren Akademiaren 100 urteak direla eta

 

Datorren urriaren 5ean (ostirala), Arantzazuko santutegian, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko jarduerei hasiera emango zaie, eta Bilboko Koral Elkarteak Mende Berria Kantuz izeneko kontzertu-zikloa antolatu du urtebetetze berezi hori dela eta.

 

Kontzertuak 2018ko eta 2019ko urria bitartean izango dira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, eta Gipuzkoan emango zaio hasiera nahiz amaiera zikloari. Euskeria korua, hots, Bilboko Koral Elkarteko gazte-taldea, izango da abesbatza finkoa kontzertu horietan guztietan, eta “gonbidatua”, aldiz, lurralde bakoitzeko koru bat. Lehenengo kontzertua Arantzazuko santutegi enblematikoan izango da; gainerako guztiak, berriz, kontzertu-aretoetan egingo dira.

 

Oraingoan, Euskeria koruak Donostiako Orfeoi Gaztearekin uztartuko ditu ahotsak, eta Enrike Txurrukak korura eta jazz-combora egokitutako pop euskaldunaz osatutako errepertorioa abestuko dute. Musikagileak, gainera, teklatua joaz lagunduko ditu bi abesbatzak (berarekin batera Mikel Bikandi -gitarra-, Mikel Azkargorta -baxua- eta Guillermo Sanz -bateria- ere izango  dira). Era berean, batutaren ardura Urko Sangronizek (Euskeriaren zuzendaria) eta Esteban Urzelaik zein Leticia Vergarak (Donostiako Orfeoi Gaztearen zuzendariak) elkarbanatuko dute. Gonbidatuek, besteak beste, Bizkaia Maite, Aitormena, Sarri Sarri, Lau teilatu, Ilargia eta Euritan dantzan lanekin gozatzeko aukera izango dute.

 

Mende Berria Kantuz egitasmoak Euskaltzaindiak 100 urte hauetan egindako lana nabarmentzea du helburu, baina, aldi berean, topagune izan nahi du zenbait taldetako interpreteentzat, beren familientzat eta, oro har, publiko euskaldunarentzat. Horrekin batera, pertsona horien guztien arteko elkarrekintza bultzatzeko asmoa du.

 

Gonbidapenak Arantzazuko oroigarri-dendan eskura daitezke, edo Santutegian bertan kontzertua emango den arratsaldean.

Author Info

Coral de Bilbao