MAITENA BERRIZ ETXEAN

Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Petronorren babesarekin, Bilboko Koral Elkarteak euskal opera berreskuratzeko proiektua bultzatu du.

Bilboko Koral Elkarteak duela mendea baino gehiago estreinaturiko Maitena pastoral lirikoaren berreskuratzea IBS Classical-ek grabatuko du irailean, oraingoan BOSekin eta lehen mailako abeslari-zerrendarekin batera.

Bilbo, 2020ko uztailaren 15a. Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu Bingen Zupiriak, Petronor Innovación-eko kudeatzaile Elías Unzuetak eta Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaile Iñigo Alberdik euskal ondare lirikoa berreskuratzeko kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. 

Lau erakundeek euren indarrak batu dituzte, Euskalopera proiektuarekin euskal ondare lirikoaren berreskurapena bultzatzeko. Horrek IBS Artist-ek eskuizkribuak argitaratzea eta diskoak grabatzea ekarriko du. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoa gogo biziz atxiki zaio ekimen honi, baita inguruko artistak ere, hizkuntzaren eta generoaren estetikaren jakitun. Horientzat, halako produkzioak oso interesgarriak dira euren ibilbiderako.

ADIERAZPENAK
Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta BOSeko presidentea esan du: “Bizkaiko Foru Aldundiarentzat opera-proiektu honek berebiziko garrantzia dau hainbat alorretatik begiratuta: batetik, elkarlanaren fruitua dalako, erakunde publikoak eta pribatuak hasieratik adostu eta bideratutako egitasmoa; bestetik ondare immateriala berreskuratzen eta artatzen lagunduko dauen egitasmoa dalako; eta, azkenik, Euskalopera dalako, musika da bai, baina Euskalopera gure tradizinoa berreskuratzea eta ezagutaraztea be bada, kultura da, nortasuna da, hizkuntza da. Proiektu honek garai bateko euskerea eta euskerearen erabilera aitortuz gaur egunera dakar euskarak gizarte alor guztietara hegoak astintzeko testigantza eta bultzada.”

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, “ekimen eder” hau posible da eragile eta erakundeen arteko elkarlanari esker, eta “hori are garrantzitsuagoa da gauden unean”. Era berean, gure kultura-ondarea berreskuratzeak eta zabaltzeak duen garrantzia azpimarratu du Zupiriak. “Gure kultura-ondarea ikertu, berreskuratu, kontserbatu eta zaintzeaz gain, hedatu egin behar da. Gure ondarea zabaltzeko gai izan behar dugu. Ekimen honi esker, euskal gizarteak duela mende bat baino gehiagoko euskarazko pastoraltza lirikoa ezagutzeko aukera izango du. Zalantzarik gabe, albiste bikaina da”, adierazi du.

Elías Unzueta, Petronor Innovación enpresako kudeatzaileak zera adierazi du: “operak sustrai sakonak ditu gurean, gizartearen babes eta zaletasunak ahalbidetzen dituen horietakoak. Zer hobe, beraz, berau euskaratik landu eta zabaltzea baino. Opera gurera ekartze hori garenarekin eta gure nortasun ikur nagusiarekin uztartzea urrats aberasgarria da, onespenaz gain bultzada merezi duena. Garai zailak dira hauek, koronabirusak astindutakoak. Arlo guztiak kolpatu ditu gaixotasunak eta horri aurre egiteko ondorengo itxialdiaren eraginezko beherakada ekonomikoak. Kultura bereziki kaltebera izaten da honelakoetan, areago euskaraz bideratutakoa. Petronorri dagokionez, kulturaren aldeko bere ohiko konpromisoaren isla da, zaltasunen gainetik bere ezaugarrietakoa dena.”

Iñigo Alberdik, Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak, Maitenaren garrantzia azpimarratu du, Bilboko Koral Elkarteak estreinaturiko opera-zerrenda oparoan lehena izan zelako. Ahanzturan eroria eta obra txikitzat joa, euskal operaren giltzarri hau fina da oso. Urruntze-aldi baten ostean, berriz ere etxean dugu. 

AIPAMEN HISTORIKOA
XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Elkarteak euskal konpositore garrantzitsu batzuei hainbat eskaera egin zien, euskarazko errepertorio lirikoa sortzea helburu. Genero horretako lan adierazgarrienen artean Jose Maria Usandizaga, Charles Colin, Santos Intxausti eta Jesus Guridiren lanak ditugu, hala nola Mendi-Mendiyan, Maitena, Lide ta Ixidor eta Mirentxu

ARGUMENTUA
Eszena Mendiburu baserrian kokatua dago, Lapurdiko natura bete-betean. Bertako nagusiak, Piarres nekazariak, Maitena alaba Ganitxekin ezkondu nahi du, Maitenarekin maiteminduta dagoen gizarte-klase oneko gaztearekin. Aitzitik, alabaren bihotza Domingo pilotariak du hunkitua. Domingo Txirolen semea da, ospe txarreko gizona bera. Maitemindutako bikoteak, aitaren asmoen kontra eta Ganitx etsita utzirik, Buenos Airesa joatea erabakiko du. Bertan, Domingok arrakasta lortuko du bere lanbidean. Halere, Ameriketan bost urte igaro eta gero, Marinak, senarra eta seme bakarra galdu eta gero, bere jostun-lanbidea utzi eta jaioterrira itzultzea erabakiko du. Etxean, aitak oraindik ere gaitzesten duela ikusiko du eta alde egitea erabakiko du. Azken unean, baina, aitak hausnartu eta geratzeko eskatuko dio, Ganitxekin ezkontzeko, hark ez baitu sekula Maitena ahaztu.

FITXA ARTISTIKOA
Charles Colin, musika
Etienne Decrept, libretoa
Bilboko Koral Elkartea, Enrique Azurza
BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Iker Sánchez, zuzendaria
Rubén Fdez. Aguirre, aholkulari artistikoa / errepertorista
Ángel Briz, partitura-editorea
Miren Urbieta-Vega – sopranoa – Maitena
Marifé Nogales – mezzosopranoa – Chaadiñ
Mikeldi Atxalandabaso – tenorea – Domingo
Javier Tomé – tenorea – Batichta
José Manuel Díaz – baritonoa – Ganich
Fernando Latorre – baxua –  Piarrés
Estíbaliz Sánchez – sopranoa – Segalaria
Alberto Abete – tenorea – Segalaria

Author Info

Nekane Díaz