(+34) 944 167 148 web@coraldebilbao.com

KORALA VS. KORONA

Bilboko Koral Elkarteak abesten jarraitzen du, ateak itxi zituenetik isiltasuna nagusitu arren bertan, musikaren parte ere badena. Koraleko kideak agertoki ugaritan aritu izan dira, baina orain suertatu zaiguna ez dago ez auditoriumetan ez antzokietan, etxean baizik. Erritmoa aldatzeko unea da, une batez geure barrura begiratu eta, bakardadeari aurre egiteko, jendartea saretzekoa. Koraleko kideak elkarrengandik urrun badaude ere, bat eginda segitzen dute Korala vs. Korona ekimeneko musika-proposamenen babespean. Egitasmoaren xedea da, joan den hiletik, gure komunitatearen konfinamendua arintzea; hala ere, erakunde koralak pertsona ororen eskura jarri nahi izan du, bere zerbitzu-bokazioari jarraikiz, YouTubeko bere kanalean. Izen bera duen doako erreprodukzio-zerrendaren harpidedunek obra eta egile ezagunez nahiz ezezagunez gozatzeko aukera izango dute,  eta haien musikak bakea eta lasaitasuna ez ezik, zirrara ere eragingo die; gainera, puntako koru-taldeek munduko beste leku batzuetara eramango dituzte entzuleak.

Ia egunero, Bilboko Koral Elkarteko zuzendari artistiko Enrique Azurzak kanta bat aukeratzen du berrogeialdia girotzeko: Errenazimentuko harribitxiak, kantu polifoniko korsikarrak, Messiaenen miniatura koral mistikoak, gaurkotasuneko aipamenak berriki BBVA Fundazioaren Fronteras (mugak) saria irabazi duen Arvo Pärti edo zenduriko Krzystof Pendereckiri, pandemia honen eraginez hildakoentzako omenaldiak Herbert Howellsen Requiem ederraren eta bertsuen bidez, Ildebrando Pizzettiren composizioni corali ziklo italiarrak, udaberria goresteko Clément Janequinen Le chant des oiseaux  obra, besteak beste, eta Förvarskvall lanaren emanaldia, XX. mendeko koru-zuzendaritzako legenda eta Eskandinaviako koru-mugimenduaren aita Eric Ericsonek zuzenduta. Era berean, hauek ere izan dute lekua: Les Arts Florissants, Jean Philippe Rameauren Les Indes Galantes operaren bere ikuspegi transgresorearekin; Queenen bertsioak, ozeanoaren beste aldetik, Chanticleerren eskutik (ziurrenik, Freddie Mercuryri abesten dion AEBetako ahots-talderik famatuena); Tallingo Ellerhein nesken korua, zeinak lurrean erroturiko abestiak kantatzen dituen; Entrevoces korua, bere ahots-gaitasun paregabe eta erritmo goxoarekin; Kubako Koru Nazionala; eta The Real Group, VOCES8, Vocem flentium, Cappella Amsterdam, Huelgas Ensemble… talde mitikoen maisutasuna jasotzen duten grabaketa erakargarri ugari. Pixkanaka, zerrenda hori beste musikari askoren lanekin luzatuko da, denon gozamenerako!

Bilboko Koral Elkartearen YouTubeko kanala: https://www.youtube.com/channel/UCxDN6JYGN8Gg1ezSYN7B33A

Korala VS. Korona egitasmoko erreprodukzio-zerrenda: https://www.youtube.com/watch?v=fRL447oDId4&list=PLwaLtoFzim474I1McYY3n7UTR7jF5pngC

Author Info

Nekane Díaz