SANTA CECILIA 2020 | (RE)PLAY!

Bilboko Koral Elkartea, Musikarien Egunean entzungai
COVID-19ari aurre egiteko murrizketek ez dute eragotzi Santa Zezilia Egunean musika entzuten jarraitzea
Bilboko Koral Elkarteak Arriaga Antzokia izendatu du Ohorezko Bazkide, elkartearen aitorpenik handiena, eta horrela erakunde bien arteko harreman egonkorra sendotu dute, denboran iraun eta lurraldeko kultur garapena indartzen lagun dezan
Ehun urtetik gorako elkarteak musika koralaren aldeko lana aitortzen du Maitena sariekin, zeinak aurten Jose Rafael Pascual Vilaplanak eta Jesús María Sagarnak jasoko dituzten; Zilarrezko eta Urrezko Dominak, berriz, elkarteko koruetan abesten hamar eta hogeita bost urte daramatzaten koralistek jasotzen dituzte

Bilbon, 2020ko azaroaren 22an. Santa Zeziliari eskainitakoa egun nabarmena izaten da musika-egutegian, baina aurten are nabarmenagoa da, sektoreak dauzkan zailtasunak kontuan hartuta. Egoerak ez du laguntzen festa lagun askoren artean ospatzen, baina, hala ere, aukera ematen du musika entzuten jarraitzea ahalbidetzen dutenen lanari aitorpena egiteko.

Bilboko Koral Elkartea, musikaren etxea, urteko 365 egunetan izaten da entzungai, BKEren proiektuarekin konprometitutako borondateek osatzen duten kate luzeari esker. Data honetan ohikoa duen moduan, ehun urtetik gorako erakundeak bere koralistarik beteranoenen jarduera eskuzabala nabarmendu nahi izan du, Zilarrezko eta Urrezko Dominak banatuta; Maitena sarien bidez, musika koralari eusteko lan egiten duten pertsona ezagunak nabarmentzen eta balioesten ditu; eta, azkenik, Ohorezko Bazkide elkartearekin elkarlanean lurraldeko kultura sustatuko duen aliatu instituzional bat izendatu du.

2020. urte honetan, non ziurgabetasuna eta ikuskizunak bertan behera utzi beharra nagusi diren, Arriaga Antzokiak, publikoarengan zirrara zuzenean eragiten 130 urte betetzeaz gain, tokiko talentuaren aldeko apustua egin du. Hala, bere denboraldia berriro programatu du, etxeko proposamenak eskaintzearren; horien artean, antzokiko taula murriztuen gainean Koral Elkarteko taldeen emanaldiak nabarmentzen dira. Albistea Joaquin Achúcarro piano-jotzaileak iragarri du, koral elkarteko Ohorezko Bazkidea bera, Koral Elkarteak bere komunikabideetan zabalduriko bideo baten bidez. Bertan, gainera, borrokan jarraitzera eta musika itxaropenez eta adorez bizitzera animatu du jendea.

Bideo berean, Mikeldi Atxalandabasok, Maitena enbaxadoreak, zorionak eman dizkie Jose Rafael Pascual Vilaplana Bilboko Udal Bandaren zuzendariari, Koral Elkarteko hariak mila aldiz dardararazi dituenari, eta Jesus Maria Sagarnari, SCB – Euskalopera leheneratze-proiektuko eskuizkribuetako bitxiak berreskuratzen ari den editoreari. Halaber, koralista ohia den aldetik, koru-taldeetako kideen balentria aparta nabarmendu du, jarduera akademikoa eta profesionala goi-mailako kantu amateurrarekin uztartzen baitute.

Ordu, egun eta emanaldi asko eskaini izan dizkiote kantagintzari Elisa Villota, Iñigo Berganza, Jose Luis Gallego, Jose Manuel Hernández eta Juan Bilbao koralistek, eta orain, hamar urteren ondoren, ahalegin hori guztia zilarrezko domina banatan sinbolizatuta jaso dute. Urrezko Domina, berriz, lan altruista saritzeko banatzen da. Bada, hogeita bost denboraldi kantatzeari utzi gabe eman ostean, gaur Argi Abásolok eta Urko Sangronizek jaso dute, Zuzendaritza Batzordeko kideak eurak. Belaunaldi arteko familia honek beteranoak ere baditu, Consuelo Caller eta Emilio Monleón senar-emazteak, kasu: Koralaren hainbeste harmailatatik eta etapatatik igaro ostean, domina olinpikoen sailkapenaren buruan dira. Hautatua den familia honek hazten jarraitzen du, entzuna izaten eta amets egiten, agertokia edozein izanda ere.

Author Info

Nekane Díaz