Gabonetako soinuak 2023

2023ko Gabonetako Soinuak aurkeztu dugu gure zuzendari nagusi Iñigo Alberdirekin, Caixabankeko Euskadiko zuzendari komertzial Ángel Garabietarekin eta Kultura Diputatu Leixuri Arrizabalagarekin, bai eta Sandra Calvorekin, Basilio Astulezekin eta Julia Foruriarekin ere, hots, Eskolan Kantari, Kantika eta Gaudeamus abesbatzen zuzendariekin.

 

 

Larunbatean, abenduaren 16an, Euskalduna Jauregia Eguberrietako magiaz beteko da “Gabonetako Soinuak” kontzertu irrikatuaren hamalaugarren edizioan. Bilboko Koral Elkarteak antolatutako ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiaren, “la Caixa” Fundazioaren eta CaixaBanken laguntzarekin, Eguberrietako hitzordu klasikoa bihurtu da lurraldean. Egitaraua, musika koralaren zaleak gozarazteko kontu handiz hautatua, Bilbo, Leioa eta Gernikako talentu gazteek abestuko dute, askotariko obraz osatutako errepertorioa, hain zuzen ere, hala pieza tradizionalak nola gaur egungo abestiak. Estilo eta ahots horiek bat eginda, esperientzia paregabea sortuko dute. Kontzertua Xabier Madariaga kazetari ezagunak bideratuko du, programa aurkezteaz gain. 

 

Kontzertuari Eskolan Kantarik emango dio hasiera, alegia, Bilboko Koral Elkartearen gizarte- eta hezkuntza-proiektuak, Francisco Madinaren “Gabon gaua” eta “Gabonak dira” abestuz, Sandra Calvok John Lennon & Yoko Onoren konposizioa oinarri egindako bertsioa. Ondoren, Eskolan Kantariko kideei Haurren Korukoak batuko zaizkie, Jose Luis Ormazabalen zuzendaritzapean, Emma Lópezek harmonizatutako “Kanta gabon kanta” abesteko, bai eta “Paparuda” ere, Fernando Velázquezek moldatutako abesti errumaniar herrikoia. Baterako emanaldia eta gero Eskolan Kantarikoak besaulki-patioan eseriko dira gainerako koruei lehen ilaran entzuteko. Haurren Koruak hiru obra abestuko ditu, beste horrenbeste hizkuntzatan: Xabier Sarasolaren “Jubilate Deo”, Charles Trenet-Paul Misrakiren “Je chante / Abestu” eta Michael Carden “Immanuel”.

 

Jarraian, Leioa Kantika Koralak, Basilio Astulezen zuzendaritzapean, hainbat lan kantatuko ditu abesbatzako bakarlariekin batera, besteak beste Ana María Ragaren “Brisa Ancestral”, Jon Uribarriren “Oroimenak”, Eva Ugalderen “Dizdizka zeruan”, “Christmas mash-up” eta Darius Limen “Dream waltz / A puppet ‘s dream” zirraragarria. Musika aretoan barrena zabaltzen jarraitzeko, Gernika Gaudeamus Koralak, Julia Foruriak zuzenduta, pieza tradizionalak eskainiko ditu, Dante Andreak moldatuak: “Nana a Cristina”, “Tres villancicos andaluces”, Uxua Sorazuk idatzitako eta Iker Gonzalezek musikatutako “Neguaren baitan”, “O come, all ye faithfull – Adeste fideles” mitikoa, David Willcocksek moldatua, eta Irving Berlinen “White christmas”. Azkenik, koru guztiak “Tutti”-rako batuko dira eta, Julia Foruriaren gidaritzapean, José Berardo Álvarezen “Suite comercial navideña” hunkigarria kantatuko dute, Jon Artetxek moldatua. Kontzertuari amaiera magikoa emateko, Eskolan Kantarik “Hator, hator” berarekin batera abestera gonbidatuko ditu bertaratuak. 

 

Ikuskizun magiko honetarako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatilan eskura daitezke, 15 €-an. Eguberrien ospakizunean murgiltzeko aukera paregabea, ahots gazte eta talentudunen harmoniaren, Bilboko konposizio hunkigarrien, Kantikaren energiaren edo Gaudeamusen dotorezia melodikoaren bitartez.

Author Info

Nekane Díaz