Koral Elkarteak San Mamesen abestuko du igande honetako partidan

Bilboko Koral Elkarteko koruek San Mameseko zelaian abestuko dute abenduaren 4an, igandean, Ligako 14. denboraldian Athletic eta Eibar aurrez aurre jarriko dituen derbiaren atsedenaldian; 200 lagun inguruk hartuko dute parte, haur, gazte eta helduek. Emanaldia Bilboko Koral Elkartea bere sorreraren 130. urteurrena ospatzeko aurten eskaintzen ari den ekitaldietako bat da. Koralak ikusle guztiak beraiekin kantatzera animatu nahi dute, koru erraldoi bat eratuz.

Egun, Koral Elkarteak hiru koru ditu: Haurren Korua, Euskeria Korua eta Bilboko Korala bera, 100 ahots baino gehiagok osaturiko koru mistoa. Hiru koruetako kideek hartuko dute parte San Mameseko ekitaldian, eta, noski, Athleticen Himnoa abestuko dute, Carmelo A. Bernaolak Antxon Zubikarairen testuan oinarrituta konposatua, bai eta Juan Carlos Pérezek Itoiz taldearekin ezagun baino ezagun egin zuen “Lau Teilatu” kanta ere. Koraleko zuzendari artistikoa den Enrique Azurzak zuzenduko du koru jendetsua, eta ikusleak haiekin batera abestera gonbidatuko dituzte.

Lehen aldiz abestuko du Koralak San Mames Barrian. Hain zuzen, “Agur, San Mames” partidan eskaini zuen emanaldia, Bilboko Udal Musika Bandarekin batera, 2013ko ekainaren 5ean zelai zaharra agurtzeko egindako ekitaldian. Aurretik, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin aritu zen Pavarottik 1998ko apirilaren 25ean Athleticen Mendeurrena ospatzeko eman zuen kontzertuan. Erakunde biek behin baino gehiagotan egin izan dute topo euren historian, bai Koralak zelaian bertan eskainitako emanaldietan, bai Ibaigane Jauregian, bai Bilboko Udalak Athleticen lorpenak ospatzeko antolaturiko ekitaldietan. Joan den ekainean, Koruak Athleticeko emakumezko jokalariei Ligako garaile izateagatik Begoñako Basilikan egindako lore-eskaintzan hartu zuen parte.

La Coral cantará en el Derby de San Mamés
Author Info

Coral de Bilbao