Bilboko Koral Elkarteak liturgia kantuak abestu ditu

Gaur, azaroak 8, Bilboko Koral Alkarteak Abendu- eta Gabon-aldirako liturgia kantu-bildumaren disko trinko bi aurkeztu deutsaz Bilboko gotzainari. Liturgia egutegiko beste hainbat salmo, aintza eta aleluia batuz, datozan hiru urteetan osatuko dan egitasmoaren lehenengo zatia da. Koral Alkarteko berrogeta hamar lagun inguruk parte hartu dau, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, Deustuko Unibertsitateko kapera gotikoan egin dan grabaketa honetan. Jesus Larena Liturgiarako Eleizbarrutiko ordezkariak nabarmendu dauanez, “gehien erabilten diran liturgia kantuen bilduma eskaini gura deutsegu ez organistarik ez korurik ez daukien parrokiei eta alkarteei”. On Joseba Segura gotzainak garrantzitsutzat jo dau “ekimena gura dauanarentzat eskuragarri izatea”. Edozeinek gozatu leike ”liturgia musikaren edertasunaz ez bai ospakizunetan eta bai erreprodukzino digitalaren bidez be. Iñigo Alberdi Bilboko Koral Alkarteko gerentearen esanetan, ekimen “aitzindaria” da, izan be “koral batek lehenengo aldiz grabatu dau errepertorio hau”.

Bilboko Eleizbarrutiaren eta Bilboko Koral Alkartearen lankidetzaren ondorioz, liturgia musikaren lehenengo bilduma-diskoak argitaratu dira. CD euskarrian eta Spotify plataformaren bidez aurkeztu dira.

Korurik edo organistarik ez daukien alkarteen ospakizunetan kantua bultzatzeko eta errazteko euskarria da. Korrika eta presaka bizi gara gaur egun eta gero eta denpora gitxiago izaten da mezan parte hartzen dauan alkarteagaz “liturgia girotzen dauan musika antolatzeko eta abestiak entseatzeko”. Hori dala-eta, Jesus Llarenak nabarmendu dauanez, “honako hau era bikaina da ospakizunetako kantuez jabetzeko eta salmoak goratzeko”.

Gotzainak eskerrak emon deutsaz Koral Alkarteari bere “profesionaltasun eta gaitasunagaitik” eta Gondra Barandiaran Fundazinoari egitasmoari laguntza emoteagaitik. Izan be, bere esanetan, “bistakoa da kultura eta ondare material eta immaterial erlijiosoa gordetearen eta belaunaldi barriei ezagutzera emotearen garrantzia”.

Iñigo Alberdi Bilboko Koral Alkarteko gerenteak, bere aldetik, erronka handitzat jo dau egitasmoa, “kantuak errazak eta asko eta asko ezagunak diran arren”, grabaketa honeetan “boz batez” abesten dalako. Beste alde batetik, “guk geuk ezagutzen dogunera arte”,  ez ei dago honako aurrekaririk. Horren inguruan argitu dauanez, “badago organoaren akonpainamendu-grabaketarik, baina doinua eta akonpainamendua batera, ez dot uste”.

Bilduma hau 1886tik lurraldeari estu lotuta dagoan koral erakundeak alkarte konpromisoan bere egin dauan beste erronka bat da. Gaur egun, hiru koru –helduak, gazteak eta umeak- musika irakaspenerako zentroa eta eskola eta gizarte koruen sarea batzen digu; guztira, mila lagun baino gehiagok parte hartzen dau gizarte xede argia eta eskakizun artistiko altua dituan egitasmo honetan. Bere lana dala-eta, hainbat autortza jaso dau: Urrezko Domina Arte Ederretan; San Fernando Arte Ederren Errege Akademiaren Ohorezko Domina eta Bilbao Uribilduaren Urrezko Domina, besteak beste.

Author Info

Nekane Díaz