Permalink to Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia berriz daude harremanetan, koru-trukea eginez

Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia berriz daude harremanetan, koru-trukea eginez

Talde bilbotarrak Fauréren Requiema abestuko du, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, Iruñeko Katedralean, maiatzaren 15ean, larunbatean; talde nafarrak, berriz, Igor Ijurra buru, Begoñako Basilikan egingo du emanaldia, maiatzaren 22an, larunbatean.

Kontzertua Georg Muffaten Sinfonia Apparatus músico-organisticus obrako Toccata prima piezarekin hasiko da, zeinek Katedraleko organoaren hodiak dardararaziko dituen eta publikoa giroan sartuko dituen, ondoren Gabriel Fauréren Réquiem Op. 48 lanaz gozatzeko. Hor, Estíbaliz Sánchez sopranoaren eta Julen García baritonoaren ahots bakarlariek liluratuko dute publikoa, bai eta Alberto Sáez Puentek organoa jotzeko duen trebetasunak ere, guztiak Enrique Azurzaren zuzendaritzapean. Bilboko Koral Elkartea ehun kidek baino gehiagok osatuta dago; hala ere, egun, erdiekin dihardu, COVIDagatik ezarritako murrizketak direla eta. 135 urteko historian, Espainiako ia orkestra guztiekin abestu du, baita nazioarteko orkestra nagusiekin ere. Iaz, Beethovenen 250. urteurrenaren barruan, Cristo en el Monte de los Olivos, Fantasía en do m eta, jakina, La Novena – Sinfonía en rem kantatu zituen. Une honetan, euskal folklorea sustatzeko lanean ari da bereziki, eta bere errepertoriorik berrienean badaude Iparragirreren piezak daude, haren 200. urtemuga zela-eta Gontzal Mendibilekin batera berreskuratuak, Fernando Velázquezek pop euskalduneko abestiak oinarri sorturiko bertsio sinfonikoak eta Maitena opera, duela mende bat enkargatua eta aurten IBS Classicalekin grabatua.

Egitaraua, Igor Ijurrak zuzendua, Lorenzo Ondarra konpositore nafarrari eskainitako monografikoarekin hasiko da. Hain zuzen, Ijurra Nafarroako koru-musika konpositore handienetakoa eta 1969an Musika Sari Nazionala izandako konpositore horren lanaren dibulgatzailea da. Egitarauaren barruko obren artean, guztiak ere Iruñeko Orfeoiak bere garaian estreinatuak, Pater Noster hautatu zen konfinamenduan grabatzeko, COVID-19aren biktimen omenez. Egitarauaren lehen eta hirugarren zatien artean, interludio gisara, Raúl del Torok Aita Donostiaren organorako obra labur bat joko du. Hirugarren zatia erromantizismo alemaniarreko konpositore apartenetako batzuei eskainia dago, hala nola Mendelssohni, Brucknerri eta Brahmsi, kontzertu honetan organoak lagunduta. Iruñeko Orfeoia, bere kategorian, Europako musika-erakunderik zahar eta bizienetakoa da. Bere historian, obra sinfoniko handienetako batzuen estreinaldiak egin ditu nazio-mailan, Mahlerren Zortzigarren Sinfonia, kasu, 1970ean, edo, ondoren, 1973an Portugalen. Era berean, New Yorkeko Carnegie Hallen kantatu duen Espainiako lehen korua izan da, 2010. urtean, baita Londresko BBC Promsetan (2015) edo San Petersburgoko Gau Zurien Jaialdian (2018) ere. Ohorezko zuzendarien artean, Valéry Gergiev, Juanjo Mena eta jada zenduriko Rafael Frühbeck de Burgos ditu.

Erkidegoen arteko zirkulazio askeak ehun urtetik gorako abesbatza hauek (berriro) elkartzea ahalbidetzen du. Iruñeko Orfeoiaren eta Bilboko Koral Elkartearen arteko harremana bien artxiboetan aurki daiteke dokumentatuta, bien hastapenetatik (1865ean eta 1886an sortu ziren, hurrenez hurren). Egungo trukearen bitartez, beren arteko batasuna sendotu eta egungo edukiz hornitu nahi dute, musika korala hedatzeaz eta erakunde bien jarduerak hazten jarraitu ahal izateko aukerak sortzeaz batera. Indarrak batzeko helburuarekin, beraz, abiapuntu honen ostean izango dituzte elkartzeko aukera gehiago, zalantzarik gabe. Musikak arima elikatzen du, eta are gehiago alarma-egoeratik kanpo. Halaber, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, sarrera doakoa izango da, harik eta edukiera bete arte. Ateak kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira, eta ilaran segurtasun-tarteari eutsi beharko zaio. Horrez gain, jakina, maskara nahitaezkoa izango da, baita eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea ere.

Author Info

Nekane Díaz