¡EXTRA, EXTRA! 📰 365 🔙

Adi, adi, albiste gara!
Musika Músicak Viena eta zuzenekoaren magia berriz bizi izateko aukera eman digu, eta, gainera, kritika bikainak jaso ditugu. Horrez gain, esteka hau sakatuz, 2020ko prentsa-dosierra eskura dezakezue. Hala ere, agertoki handietara itzultzeak eragin digun poza itxiera perimetralak eta edukiera-murrizketak lausotu dute, gure ikusle ugari guri entzuteko gogoz geratu baitira, baina gure sare sozialek bide eman digute oihalaren atzean gertatzen direnak erakusteko, harmailara gure koralisten ondora gerturatzeko eta VIP ilaran esertzeko ere,  gure Jesús Guridi orkestraren emanaldia streaming bidez eskainita!

Fair Saturday Fundazioak ezin hobeto gauzatu du fisikoaren eta birtualaren arteko elkarbizitza hau. Izan ere, asteon, FSNext delakoa abiatu du, tokiko kultur edukiak eskaintzeko ordainpeko plataforma, non sortzaileok bildutako diru-kopuruaren % 90 jasotzen dugun. Gure kanalean, honako hauek daude eskuragarri: Fauréren Requiema 360º-tan, Koru Mistoak Bilboko Katedralean abestu zuena; gure Haurren Koruak Iberdrola Dorrean eskaini zuen Gabonetako kontzertua; eta, martxoaren 20an, Gora bihotzak estreinatuko da, Euskaldunako agertokian besteak beste BOSekin, Eñaut Elorrietarekin, Izarorekin, Zea Maysekin eta Zetakekin bildu gintuen eta Euskeriako gure neskak terrazetan abesten jarri zituen emankizuna.

Izan ere, gure gazteak edozein erronkari aurre egitera ausartzen dira. Haiekin egiten ditugun jardueren artean, Bilboko Udalak esparru europarraren barruan antolaturiko “Zeharraldia-Zirku Pirinioak” esperimentazio artistikorako proiektua nabarmentzen da, zirkua nazioartera hedatzeko helburua duena; bada, hil honetan, Euskeria koruak hartuko du parte, Voel konpainiako Jordi Sierreren eskutik. Interreg-POCTEFArekin batera finantzaturiko laborategia da, artistak eta herritarrak harremanetan jartzeko, eta, berez oso aberasgarria izateaz gain, etorkizunean diziplinarteko kolaborazioak sortzeko hazia izatea espero dugu. Era berean, ezin aipatu gabe utzi Deustuko Unibertsitateko Koruaren jarduera, baita haren gidari Xabi Mendez ere. Duela aste batzuk gure baritono Julen Garcíarekin saio batean parte hartu ondoren, korua irrikan dago gure Elkarteko zuzendari artistiko Enrique Azurzarekin eta kantu-irakasle Marta Ubietarekin batera lan egiteko, datorren larunbatean, martxoaren 27an.

Hala, urtebete bete da bizitza hautemateko gure modua aldatu zenetik. Txikiek, gazteek eta helduek ez diote kantatzeari eta beren sormena garatzeari uzten. Urtebete Korala VS. Korona sortu zenetik, lanean jarraitzeko eta kultura segurua dela erakusteko adoretu gaituen egitasmoa. Urtebete honetan, gure ondoan jarraitu duzue, eta horregatik, beste behin, jaso ezazue gure esker ona, bihotzez: eskerrik asko Elkartea egiten jarraitzeagatik.
Author Info

Nekane Díaz