Bilboko Koraleko Musika Jaia maiatzaren 13an izango da

Bilboko Koraleko Musika Ikastetxeak “Musika Jaia” ospatuko du larunbat honetan. Elkartearen egoitzan, San Mames futbol-zelai parean, ikastetxeko ia ikasle guztiek zenbait emanaldi eta kontzertu eskainiko dituzte. Saio luzea goizeko 10:45ean hasiko da, eta 14:00ak arte iraungo du; ondoren, 17:30ean, berriz hasiko da, 18:30era arte.

Egunari amaiera emateko, Koraleko “Jesús Guridi” Orkestrak, gurasoen koruak, prestakuntza-koruek, Haurren Koruak eta Euskeria Koruak kontzertua eskainiko dute Indautxuko Karmengo elizan. Horiez gain, Presentación de María Ikastetxeko Koruak, Bilboko Koraleko “Eskolan Kantari” proiektuaren baitakoak, parte hartuko du. 20:30etik aurrera, Bilboko Koraleko taldeek, 400 abeslarik baino gehiagok, egitarau zabala eskainiko dute.

Bilboko Koral Elkarteak musika-prestakuntzaren aldeko apustua egin du erakundeko koruei eusteko funtsezko gako gisa; horretarako, duela berrogei urte baino gehiago, Musika Ikastetxea sortu zuen. Horixe da bai haurren korua, bai gazteena edo Euskeria Korua elikatzen dituen harrobi nagusia, baita, denbora joan ahala, helduen korua edo Bilboko Korala bera ere.

Egun, 400 ikasle inguru ari dira ikasten Koralean, non ikaskuntza arautu edo profesionala edo arautu gabea aukera dezaketen. Klaustroa hogeita hamar bat irakaslek osatzen dute, eta orkestrako ia instrumentu guztiak eta organoa jotzen irakasten da. Datorren ikasturterako ikastetxeko hezkuntza-eskaintza zabaltzeko ahaleginean, hiru berritasun nagusi izango dira: helduentzako Musika Kulturaren Gela, piano-jazzaren hastapenak eta koru-zuzendaritza ikastaroak.

Author Info

Coral de Bilbao