Coral de Bilbao grabando la banda sonora de Zipi y Zape

Bilboko Koral Elkarteak “Zipi y Zape y la Isla del Capitán” filmaren soinu-banda grabatu du

Bilboko Koral Elkarteak Fernando Velázquezek “Zipi y Zape y la Isla del Capitán” filmerako konposatu duen soinu-banda grabatu du. Konpositore getxotarrak berak zuzendu du korua gaur, asteartez,Elkartearen entsegu-aretoan eginiko grabaketa-saio luzean.

Filma uda honetan iritsiko da zinema-aretoetara eta Oskar Santos zuzendari santurtziarrak zuzendu du, MOD Producciones, Zeta Cinema, Atresmedia Cine eta Kowalski Films ekoizpen-etxeen babesarekin. 2013an estreinaturiko “Zipi y Zape y el Club de la Canica” filmaren jarraipena da; protagonistak, jakina, José Escobar komikigileak sorturiko biki ilehori eta beltzaran mitikoak dira.

Aurreko pelikulan bezala, Fernando Velázquezek sortu du soinu-bandaren partitura, eta musika duela pare bat aste grabatu zen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Velázquez Zinemako Musikaren arloko konpositore entzutetsuenetakoa da egun eta berrogeita hamar filmetan baino gehiagotan egin izan du lan, animaziozkoetan barne. Berak sorturiko soinu-banda sarituenen artean, “El orfanato”, “Lo imposible” eta “Ocho apellidos vascos” pelikulenak daude, besteak beste.

Konpositoreak beste behin zuzenduko du Korala aurten, izan ere, abenduaren 7an berriz elkartuko dira Euskalduna Jauregian eskainiko den kontzertu batean. Fernando Velázquezek Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera zuzenduko du Korala eta, oscar saria jaso izan duen James Newton Howard konpositore estatubatuarraren soinu-banden programa batekin, hain zuzen zuzendari horrekin txandakatuko da kontzertuaren zuzendaritzan. Emanaldia “Bilbo, Artearen Portua” kontzertu-zikloaren baitan egongo da, aurrenekoz egingo dena irailetik aurrera eta hiribildura itzal handiko zuzendari, abeslari eta orkestrak erakarriko dituena, esaterako, Zubin Metha, Vladimir Spivakov, Ivo Pogorelich eta Rene Jacobs.

 

Author Info

Coral de Bilbao