BBKantuz txiki

Bilboko Koral Elkarteak, BBKrekin eta BAE – Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin elkarlanean, BBKantuz txiki 2024 ekitaldia antolatu du. Haurren abesbatzen topaketa hau maiatzaren 25ean, larunbatean, izango da, 12:00etan, Bilboko Arriaga plaza enblematikoan. Bertan, hainbat abesbatzatako 150 ahots gazte bilduko dira komunitate osoari musika-esperientzia paregabe eta aberasgarria eskaintzeko.

BBK banku-fundazioaren laguntzari esker, ekitaldia lurraldean haurren musika korala sustatzeko oinarria izango da, BBK BBKantuz txikiren antolaketan funtsezko bazkidea izanik. Kultura- eta hezkuntza-konpromiso honekin, talentu gazteek kantuarekiko sentitzen duten pasioa partekatzeko eta beren burua artistikoki garatzeko plataforma bat izango dute eskura.

Topaketan, zenbait eskola-koruk hartuko dute parte, Eskolan Kantariko hirurekin eta pianoan Miguel N’Dongekin hasita. Deusto Eskolan koruak, Nora Francok zuzenduak, Roberto Goldarren “Pobre mi sapito Tito” abestuko du, bai eta Giorgos Katsarosen eta Alekos Sakellariosen “I like the flowers” (tradizionala) eta zuzendariak berak moldatutako “To petinari” ere. Ondoren, Basauriko Basozelai Gaztelu Eskola eta Tiboli Eskola taldeek, Sandra Calvo Abarzuzaren zuzendaritzapean, “Xarmengarria” euskal kantu tradizionalarekin eta Nachiko Terashimak moldatutako “Cançó japonesa” pieza japoniar tradizionalarekin liluratuko dute publikoa.

Algortako Lilura Abesbatzak, Mariasun Yangüasek zuzenduta eta Borja Monterok lagunduta, “A million dreams” interpretatuko du, El gran showman obraren soinu-bandakoa, eta Greg Gilpinen “Whisper” ere bai. Jarraian, Bilboko Koral Elkarteko haurren koruek, Jose Luis Ormazabalek gidatuta eta berriz ere Miguel N’Dongek lagunduta, Tomás Garbizuren “Intxauspeko alaba”, Jim Papoulisaren “Oye” eta, Unax Pedrerok klarinetearekin lagunduta, Silvia Malbránen “Chacareando chacareras” kantatuko dituzte, bai eta, bukatzeko, Oskorriren “Ponpiola” ere.

Ekitaldiari amaiera emateko, abesbatza guztiak oholtzan elkartu, eta “Tutira mai” (maori tradizionala), Xabier Sarasolaren “Uso zuria / Akerra ikusi degu” eta “Rock my soul – Bakea munduan” (tradizionala) batera abestuko dituzte.

Abesbatzen topaketa honek, musika eta kultura ospatzeaz gain, lankidetzaren, elkarri entzutearen eta elkartasunaren balioak sustatuko ditu koruetako kantari gazteen artean.

Author Info

Nekane Díaz