Miriam Ocariz diseinatzaileak Bilboko Koral Elkarteko emakumezkoak jantziko ditu

Sortzaile bilbotarrak Arte Ederren Museoan aurkeztu du bere azken lana, Zuloagaren bi erretraturen artean

Koral Elkarteko andrazkoentzako uniforme berria Bilbon diseinatuta eta eginda dago

Dotorezia islatzeaz gain, jantzia denboraz harago doa, bi pieza beltzek eta gerriondoan silueta nabarmentzen duen begiztari esker   

Bilbon, 2019ko irailaren 23an. Gaur goizean, Miriam Ocariz sortzaileak Bilboko Koral Elkarteko emakumezko abeslarientzat beren-beregi sortu duen jantzia aurkeztu du. Ekitaldia Bilboko Arte Ederren Museoan egin da, eta hango kudeatzaile Iñigo Alberdi, elkarteko hiru kantari eta Anna Mathieu de Noailles kondesaren erretratua, Zuloagarena, izan dira Ocarizekin batera. Elkarteak eta museoak “Artearen ahotsak” izeneko lankidetza-hitzarmena izenpetu zuten ekainean, eta haren baitan hautatu da museoa aurkezpena egiteko; izan ere, aipatu hitzarmenaren bitartez, erakunde biek konpromisoa hartu zuten musikaren hedapena museoaren testuinguru artistikoan indartzeko. 

Sortzaile bilbotarraren soinekoaren xedea da koralistek agertokian dituzten beharrei erantzutea. Helburu hori oinarri, Ocarizek hiru faktore hartu ditu kontuan. Lehendabizi, kontzertu sinfoniko batean parte har dezaketen abeslarien kopurua, 80 emakumek ere jardun baitezakete. Bigarrenez, erosotasuna, kantariak sarri mugitu behar izaten baitira ikuskizunean ―harmaila batera igo, eseri, altxatu…―. Azkenik, diseinatzailea saiatu da jantziari agertokietako tenperatura-baldintzetara egokitzeko gaitasuna ematen, entzunaretoetako fokuek bero handiagoa igortzen baitute koru-programazioetan maiz txertatzen diren elizetako hormen aldean.

Era berean, Ocarizek arreta berezia jarri du materialetan, jantziak garraiatzean zimur ez daitezen, transpirazioa erraz dezaten eta koruko morfologia guztiei ederki eman diezaien, aintzat hartuta 20 eta 80 urte bitarteko abeslariak biltzen dituela. Horrexegatik, enkargua erabateko erronka izan da Ocarizentzat, zeina urte hasieran hasi zen lanean, gogo biziz. Jantzia dotorea da, eta denboraz harago doa. Bi pieza beltzez osatuta dago, eta gerriondoan silueta nabarmentzen duen begizta bat du, alderantzikagarria. Alde nagusia zuria da, tanto beltzekin; bestea, berriz, urdin-petrolio kolorekoa, saio informalagoetan erabiltzeko. Tunikari dagokionez, belauna estaltzen du, eta muxarradurarik gabeko saguzar-mahukak eta V formako lepoa ditu, koralistak askatasunez mugi ahal izateko. Azpitik, praka, soila eta lasaia, lurraren arraseraino heltzen da, eta goma bat du estutzeko. Poltsikoak ere baditu, agertokiaren bi aldeetan beti egoten diren zapiak eta gozokiak gordetzeko.

Soinekoa egiteko prozesu osoa Bilbon garatu da, eta, materiala dela eta, Tejidos Matíasen ―denda ospetsua hiribilduan― tindu bikoitzeko krepe bat aukeratu da. Halaber, jantzia jardunean dauden egungo kantarien neurrira egin da, eta abeslariek konpromisoa hartu dute gordailu gisa gordetzeko eta diseinatzaileak zehaztutako irudi- eta erabilera-arauak betetzeko.

Koralistek gaur jantziko dute soinekoa lehenengo aldiz, 20:00etan, Euskalduna Jauregian eskainiko den Amazoniaren aldeko kontzertu solidarioaren baitan Beethovenen IX. Sinfonia abesteko. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, ALBOAN eta BM Supermerkatuak ere aritu dira kontzertuaren antolaketan, zeinetarako oraindik ere sarrerak geratzen diren.

Miriam Ocariz

EHUn Arte Ederretan lizentziaduna, aldi berean moda-diseinua ikasi zuen, Lancan. Talentu horrek azkar asko jaso zuen aitorpena: lehenengo, Expoconsumo Bilbao sariak irabazi zituen; ondoren, “Bilboko Ospetsua” izendapena jaso zuen. Tartean, Gaudi Pasarelaren 10 ediziotan parte hartu zuen, eta 12 aldiz Cibeleskoan, non diseinatzaile gazteen bilduma onenaren L’Oreal saria jaso zuen. Bere ibilbidean, marka handiekin jardun izan du, Armand Basirekin, kasu, eta, besteak beste, Farrutx, Fosco eta Guggenheim Bilbao museoarekin kolaboratu du. Bere jantziak Europako merkatuan nahiz Saudi Arabian, Arabiar Emirerrietan, Txinan, Hego Korean eta Japonian merkaturatzen dira. Horrez gain, jantzigintza irakaskuntzarekin uztartu du, eta behar horretan LANCAn, Logroñoko Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolan, Nafarroako Arkitektura Unibertsitatean eta Donostiako Tabakaleran aritu da.

Bere lana hainbat Arte-aretotan eta Galeriatan egon da ikusgai; bere azken atzera begirako erakusketa, adibidez, Bilboko Rekalde Aretoan, Marzana Galerian, Gasteizko Montehermoso Kulturunean eta Tenerifeko Santa Cruzeko Arte Garaikidearen Museoan ikusi ahal izan da.

Author Info

Coral de Bilbao