Santa Zezilia 2018 – Petronor Ohorezko Bazkide

Santa Zezilia ez ezik, primeran inguratuta gaudela ospatu nahi dugu

Garai honetan urtero egiten dugun legez, Bilboko Koral Elkartea osatzen duten pertsona guztien lana eskertu nahi dugu: elkartea egunero aurrera ateratzen duen profesionalen taldea, seme-alaben musika-hezkuntza gure esku uzten dituzten familiak, entseguetara astero etortzen diren altruismoz beteriko kantariak, eskuzabaltasunez laguntzen diguten erakundeak…

Guztion elkarlana da gure izateko arrazoia; alabaina, oraingo honetan, Olaia Arejita, Jaime Legorburu, Arrate de Orbe, Arrate Ayerbe, Txema Garai eta Santi Labeaga nabarmendu nahi ditugu. Denei zilarrezko domina eman diegu, 10 urte baitaramatzate gure koruetan altruismoz eta konpromiso tinkoz lanean. Halaber, Fernando Estévez azpimarratu behar dugu; urrezko domina emanez gure esker ona erakutsi nahi izan diogu, gurekin daramatzan 25 urteengatik.

Era berean, Petronor Ohorezko Bazkide – gure aitorpen nagusia- izendatu dugu aurten Sociedad Bilbainan eginiko ekitaldian, gure lehendakari José Miguel Lanzagortak Néstor Basterretxeak landutako eskultura eman zion Emiliano López Atxurrari, Petronorreko presidentea-ekitaldiko argazkiak ikus ditzakezue hemen sakatuta-. Aliatu garrantzitsu horrekin egindako topaketa zinez berezia izan zen; Petronorrek, gainera, 50 urte bete ditu 2018an, eta guk, zenbait kontzertu tarteko, ospakizunetan hartu dugu parte.

Author Info

Coral de Bilbao