Oraindik hunkituta gerrako lazgarrikeriaren aurkako “Bakerako musika” zikloa dela eta

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Koral Elkarteak proiektua garatu dute Gernikako bonbardaketaren 80. Urteurrenaren harira. Hala, hiru kontzertu eman dira, Gernikako Santa Maria Elizaren, Bilboko Guggenheim Museoaren eta Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroaren laguntzari esker, Bizkaiko herriko sarraskiaren biktimen omenez.

Lehen kontzertua, irailaren 22an Santa Maria Elizan egindakoa, oso berezia izan zen, bonbetatik onik atera zen eraikin bakarretakoa baita. Izan ere, handik atera zen geroago mundua hunkituko zuen argazkia: suntsituriko hiriaren eta herri saminduaren erakuslea. Gainera, Bilboko Koralak Andra Mari Koraleko, Gaudeamus Koraleko eta Seber Altube Koraleko tokiko ahotsek lagunduta abestu zuen.  

Irailaren 28an, ostegunean, “Lux Aeterna” izeneko bigarren kontzertua eman zen, Guggenheim Museoan, lepo beteta zegoelarik. Bakearen alde abesteko propio osaturiko egitaraua ondokoek osatu zuten: Sissasken Oremus-ek, Ignatowicz-Glinskaren Toccata-k eta, bestela izan ezin zitekeenez, Sorozabalen Gernika-k.

Gehryrengandik Nouvelengana igarota, Koralak bonbardaketa oroitu ez ezik, Christos Hatzisen Everlasting Light lana aurkeztu ere egin zion Europako publikoari. Ekitaldi bietan, konpositore greko-kanadiarra izan genuen gurekin, baita David Azurza (kontratenorra), Sonia Gancedo (kontraltoa) eta Jesús García Aréjula (baritonoa) solisten ahotsak ere, eta Conrado Moyak marinba ezin hobeto menderatzen duela erakutsi zuen. Azken horren nazioarteko ibilbide goraipatuari eta beraren eszena-kideen eskarmentu handiari esker, bertaratutakoek zuzeneko bi kontzertu bikainez gozatu ahal izan zuten.

Madrilgo eszenatokiak eman zion amaiera, irailaren 30ean, ziklo gogoangarri honi, eta kontzertua oso garrantzitsua izan zen, izan ere, Picassoren Guernica margolan ospetsua Reina Sofia Arte Zentroan dago. Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, une magikoak bizi izan ziren, eta horrek balio izan zuen herria, oro har, beste leku batzuetako gatazken inguruan sentsibilizatzeko (lehengoez eta oraingoez), ez daitezen ahaztu eta talde-oroimenak gogoan izan ditzan.

Author Info

Coral de Bilbao